Arku fazial erregistro birtualak hartzeko erabili ohi diren paziente birtualak sortzeko prozedura berri baten garapena eta baliozkotzea
- Eneko Solaberrieta Director/a
Universidad de defensa: Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea
Fecha de defensa: 17 de febrero de 2023
Tipo: Tesis
Resumen
Hortz-protesiak garatzeko lan-fluxu digitaletan artikuladore birtualak erabiltzen dira pazientearen barailaren mugimendu indibidualetara behar bezala egokitzen diren hortz-protesiak garatzeko. Gehien hedatu diren artikuladore birtualak loki-barailako artikulazioak, masailezurra eta baraila ordezten dituzten instrumentu birtualak dira, zeintzuetan hortz-uztaien edo horien igeltsuzko modeloen 3D erreplika digitalak birtualki muntatzen diren, simulatzeko barailaren mugimendu batzuk edo guztiak. Artikuladore birtual horiek programatu edo doitu egin behar izaten dira pazientearen barailaren mugimendu indibidualak simula ditzaten, eta hori pazientetik hartutako erregistro birtual desberdinen bidez egin ohi da, besteak beste, arku fazial erregitro birtual baten bidez.Arku fazial erregistro birtual bat da masailezurreko hortz-uztaiak erreferentzia puntu anatomiko batekiko edo batzuekiko duen erlazio espazialaren erregistro birtual bat, zeina artikuladore birtualera transferitzen den haren irekiera ardatzarekiko erlazio espazial berean muntatzeko masailezurreko hortz-uztaiaren 3D erreplika digitala. Horrelako erregistro birtualak hartzeko, orokorrean, paziente birtualak erabiltzen dira, pazientearen aurpegiaren eta masailezurreko hortz-uztaiaren 3D erreplika digital banaz osaturikoak. Paziente birtual horiek sortzeko prozedura desberdinak garatu diren arren, erabilienak eta zehatzenak pazientearen aurpegian jartzen diren alineadoreak erabiltzen dituztenak izan ohi dira.Doktorego tesi honetan in vitro zein in vivo aztertu da paziente birtualak sortzeko prozedura horien zehaztasunean duen eragina aurpegiaren 3D erreplika digitalak eskuratzeko erabilitako eskaneatze metodoak; izan ere, prozedura horietako gehienek aukera eskaintzen dute aurpegien 3D erreplika digitalak eskuratzeko eskaneatze metodo desberdinak erabiltzeko, ezezaguna izan arren horrek prozedura horien zehaztasunean duen eragina. In vitro zein in vivo analisietan ondorioztatu da paziente birtualak sortzeko prozeduren zehaztasunean eragin handia duela aurpegiaren 3D erreplika digitalak eskuratzeko erabilitako eskaneatze metodoak, eta prozedura horiek zehatzagoak direla aurpegiaren 3D erreplika digitalak eskuratzeko bereizmen handiagoko eskaneatze metodo zehatzagoak erabiltzean. Hala ere, eskaneatze metodo horiek ez dira egokiak hortz-klinika guztietarako, bereziki, haien konplexutasun eta kostuagatik. Hori dela eta, doktorego tesi honetan garatu eta in vitro baliozkotu da paziente birtualak sortzeko prozedura berri bat, murrizten duena sortutako paziente birtualen zehaztasunean duen eragina aurpegiaren 3D erreplika digitalak eskuratzeko erabilitako eskaneatze metodoak.