Fisioterapia tratamenduen eragina endometriosiak sortzen duen mineanberrikuspen sistematikoa
- Ismene Rodriguez
- Izaro Esain
- Iraia Bidaurrazaga-Letona
- Miriam Urquiza
- Iratxe Duñabeitia
ISSN: 0214-9001
Year of publication: 2024
Issue: 45
Pages: 51-70
Type: Article
More publications in: Ekaia: Euskal Herriko Unibertsitateko zientzi eta teknologi aldizkaria
Abstract
Endometriosia emakumeetan agertzen den gaixotasun ginekologiko kroniko, ohiko, onbera, hanturazkoa eta estrogeno menpekoa da. Gaixotasun horretan funtzionalki aktiboa den ehun endometriala uterotik kanpo eratzen da, eta horrek hantura kronikoa eragiten du. Sintoma nagusiak min pelbikoa eta antzutasuna dira, bizi kalitatean eragin handia izaten dutenak. Ikusita askotan gaixotasun honen tratamendurako fisioterapiaren erabilera enpirikoa dela, berrikuspen sistematiko hau egin nahi izan da. Alde batetik, endometriosia diagnostikatuta duten emakumeen minaren tratamendurako zer fisioterapia-tratamendu dauden ikusteko eta, bestetik, horiek lortutako emaitzak aztertzeko ebidentzia zientifikoaren ara-bera. Bilaketa bibliografikoa egin zen «Endometriosis», «Physical Therapy Modalities» eta «Physical Therapy Specialty» terminoekin osasunarekin lotutako 6 datu-basetan. Bertan, endometriosia diagnostikatuta duten mina tratatzeko fisioterapia metodo edo teknikak erabili zituzten ausazko entsegu klinikoak bilatu ziren, ingelesez edo gaztelaniaz idatziak. Kalitate metodologikoaren balorazioa PEDro eskalaren bidez egin zen. Azkenean, 7 azterlan aukeratu ziren, horien kalitate metodologikoa egokia edo ona izanik; batek bakarrik kalitate metodologiko eskasa zuen. Guztira 320 parte-hartzaile aztertu zituzten, eta aztertutako fisioterapia metodoak, Thiele masajea, TENSa (kutaneoa eta akupuntura modukoa), nerbio bagoaren elektro-estimulazioa eta akupuntura izan ziren. Azterlan guztiek minaren edo minarekin erlazionatutako sintometan hobekuntza estatistikoki esanguratsuak aurkitu zituzten. Endometriosiak sortutako min sintomen tratamendurako dauden fisioterapia-tratamenduak ebidentzia zientifikoan oinarrituta Thiele masajea, TENSa (kutaneoa eta akupuntura modukoa), nerbio bagoaren elektroestimulazioa eta akupuntura dira, eta guztiek minaren gutxipena eragin zuten ebidentzia zientifikoaren arabera.