Errepideak. II. liburukiaTrazatua

  1. Pérez Acebo, Heriberto

Editorial: Servicio Editorial = Argitalpen Zerbitzua ; Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea

ISBN: 978-84-9082-493-1

Año de publicación: 2020

Tipo: Libro

Resumen

Errepideei buruzko bigarren liburuki honetan, errepide baten trazatu geometrikoa aztertzen da. Bide bat proiektatzea prozesu iteratiboa da, eta, ildo horretan, fase bakoitzean jarraitu beharreko urratsak deskribatzen dira. Elementuen erabilera eta dimentsioak azaltzen dira, trazatuari buruzko arauen eta giden ezarpenetara egokituz. Alde horretatik, xeheki aztertzen dira trazatuari buruz Espainian indarrean dauden arauak: 2016ko otsaileko Norma 3.1-IC Trazado araua eta 2012ko abenduko Guía de Nudos Viarios gida. Gaiek errepide baten diseinu geometrikoaren ordena logikoari jarraitzen diote. Lehenengo eta behin (IV. atala), beste herrialde batzuetan trazatuari buruz emandako arauak eta Espainiako ibilbide historikoa aurkeztu eta gero (10. gaia), goitiko bistako trazatuan erabiltzen diren elementuak deskribatzen dira, errepideak definitzen dituen ezaugarritik –hau da, proiektu-abiaduratik– abiatuta: lerrokadura zuzenak eta kurba zirkularrak (11. gaia), eta klotoideak (12. gaia). Jarraian, aurretiko bistako trazatua jorratzen da (V. atala), eta errepidearen luzetarako profila osatzen duten elementuak azaltzen: inklinazio uniformeko sestrak (13. gaia) eta akordio bertikalak (14. gaia). Halaber, goitiko eta aurretiko bistetako trazatuen arteko beharrezko koordinazioa (15. gaia) ere ziurtatu behar da, sinplifikazioaren ondorioz. Hurrengo fasea (VI. atala) zeharkako sekzioa definitzea da, zeina goitiko eta aurretiko bistetan definitutako ardatzean zehar desplazatzen baita (16. gaia). Gainera, errepideak planotan nola adierazten diren ere erakusten da (17. gaia). Azkenik, VII. atala: bide-korapiloak atalean, bide-korapiloei buruzko guztia aztertzen da. Hala, bide-korapiloen ezaugarri orokorrak aurkezten dira (18. gaia), bai eta haietan erabiltzen diren ohiko elementuak ere (19. gaia), hala nola azelerazio- eta dezelerazio-erreiak, bide-banatzeak, konbergentziak eta dibergentziak, irlatxoak, etab. Jarraian, xeheki aztertzen dira bide-korapilo motak, bidegurutzeak (20. gaia), lotuneak –bai 3 hankakoak, bai 4 hankakoak– (21. gaia) eta biribilguneak (22. gaia). Amaitzeko, Guía de Nudos Viarios gidan bide-korapilo mota aukeratzeko aurkezten den metodologia laburtzen da (23. gaia). Eskuliburu hau ikuspuntu didaktiko batetik prestatu da hasieratik: errepide baten diseinu geometrikoko elementuak aurkezten eta deskribatzen dira, eta, jarraian, indarreko arauek elementu horri buruz ezartzen dutena azaltzen.