Joseph Hiriart, art déco-aren maisuarkitektura-bidaia Lapurditik Tunisera (1925-1936)
Editorial: Servicio Editorial = Argitalpen Zerbitzua ; Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea
ISBN: 978-84-1319-169-0
Año de publicación: 2020
Tipo: Libro
Resumen
Tunisiako iparraldean kokatzen da Tunis. Kartago antzinaroko hiritik hurbil eta Siziliako itsasertzetik 150 bat itsas miliara. Mendebaldean, bere Medinaren bizkarretik, Sebkha Sedjoumi lakua dauka, eta ekialdetik, Bahira zingira, zeina bere muturrean irekitzen baita Goletako kanalaren bidez, Tunisko golkoarekin eta Mediterraneo itsasoarekin bat egiteko. Bi hiri hartzen ditu bere baitan: Medina arabiarra eta hemeretzigarren mendetik aurrera zingira-lurren gainean eraikiriko hiri europarra. Azken honi Frantziaren enbaxadak eman zion hasiera 1862an. Enbaxada eta Medina lotzeko, Promenade de la Marine pasealekuaren lehen zatia zabalduko zen laster. 1881ean, herrialdea Frantziaren menpeko Protektoratua bilakaturik, bizkortu egin zen hiri kolonialaren eraikuntza, zoru-azalera handi bat irabaziz eta zingira-lurrak drainatuz eta betez. Promenade de la Marine zena, Avenue de Paris deituko zen aurrerantzean, eta pasealekuaren gainerako zatiak berriz, Avenue Jules Ferry izena hartuko zuen, Frantziaren kolonialismoaren aitzindariari omen eginez. Frantziarren agindupean baina italiar komunitatearen bultzadaz, hiri europar handi bat sortuko zen, Medinaren antitesi baten gisara: hala nola Medina harresien barneko hiri gotor eta kale bihurriz osaturikoa zen, hiri europarra kuadrikula garbi baten arabera izango zen antolatua. Hemeretzigarren mendean, Art Nouveau estiloa izango zen nagusi; Gerla Handiaren ostean (1914-1918), aldiz, aniztasun estilistikoa izango zen araua; han eta hemen, era guztietako eraikin ederrak altxatuko ziren: eklektizistak, arrazionalistak, orientalistak edo Art déco estiloan egindakoak. Multzo horretan, bada zuzenean deitzen gaituen arkitektura-lan sorta bat: Joseph Hiriart baionarrak (1888- 1946), noiz Parisko bulegotik, noiz Tunisko Bretainia kaleko bulegotik, proiektaturiko hainbat eraikin: Jules Ferry etorbideko etxebizitza blokea (1930), Assurances Génerales etxebizitza blokea (1934), Carnot Lizeoaren zabalpena (1935), eta Schwich et Baizeau eraikina (1936); Art déco estiloan den-denak. Liburu honek arkitektura-bidaia egiten du, zeina Hiriartek Lapurdin egindako lanetatik abiatzen baita, eta Tunisko hiriko lanekin amaitzen. Azken hauei dagokienez, ikuspuntu bikoitz batetik erreparatzen die: alde batetik, kolonialismoaren emaitza eta arabiar hiriaren azpiratze prozesuaren lekuko diren neurrian; eta beste aldetik, arkitektura arrazionalistaren eta Art Déco arkitekturaren artean bizi izandako gatazkaren erakusgarri diren aldetik.