Errepublikanismo Gipuzkoan(1868-1923)

  1. Belaustegi, Unai

Editorial: Servicio Editorial = Argitalpen Zerbitzua ; Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea

ISBN: 978-84-9082-085-8

Año de publicación: 2014

Tipo: Libro

Resumen

Liburu hau lau urte luzez egindako lanaren lehendabiziko emaitza da. Bere garaian, helburu zehatz bati jarraikiz eman zitzaion hasiera ibiliari: Gipuzkoan nahiz Euskal Herri mailan sortu den hutsune historiografikoa betetzea. Estatuan kultura politiko errepublikanoari buruz gero eta ikerketa gehiago burutzen ari badira ere, hemen oraindik asko falta da egiteko. Hori dela eta, liburuarekin nolabait, etorkizuneko lanen oinarri izan daitekeen informazioa zabaldu nahi izan dugu, nahiz eta horrek hein batean, irakurketa zaildu. Eskuartean dauzkazun laurehun orrialdeon bitartez, izenburuak argi erakusten duen bezala, Gipuzkoan errepublikanismoak 1868 eta 1923 bitartean izan zuen bilakaera politikoaren azterketa aurkezten da. Mugarri hauek, arrazoi zehatz batengatik aukeratu dira. Errepublikanismoa Estatu mailan lehendabiziko aldiz modu antolatuan 1868an egin zen publiko. 1923an berriz, Primo de Riveraren diktadurak errepublikanoen edozein aldarrikapen publiko debekatu zituen, loaldi politikora baztertuz. Esparru zabal hau, tarte kronologiko ezberdinetan antolatu da. Lehendabizi, Gipuzkoan errepublikanismoaren hastapenak ikertu dira, 1868tik Berrezarkuntzaren hasiera arte. Gero, XIX.mendearen azken laurdena, hiru azpiataletan banatu da: errepublikanismoa garai politiko berrira nola moldatu zen, errepublikanismoaren urrezko aroa eta mende amaierako krisia. XX.mendeari dagokion tartea beste hiru atal orokorretan sailkatu nahi izan dugu. Lehendabizi, errepublikanismoak foruen eta Estatutik zetozen antolamendu politikoen arteko auzian izan zuen jarrera aztertu da. Ondoren, sozialismoarengana egindako hurbilketa ezagutu da eta azkenik, Berrezarkuntza garaiko krisian errepublikanismoa ere krisian nola sartu zen azaldu da. Aipatu tarte kronologiko bakoitzaren amaieran, garai horretako errepublikanoen oinarri ideologikoen azterketa sakona burutu da, errepublikanoek denboran zehar bizi izan zituzten aldaketak ezagutarazteko. Errepublikanismoaren gaiak egungo gizartean oraindik garrantzitsu izaten jarraitzen duela ikusita, errepublikanismoari buruz euskaraz idatzi den lehendabiziko liburu hau irekitzeko, Martin Garitano Larrañaga Gipuzkoako Diputatu Nagusiak aitzinsolasa aurkeztu digu, ideia errepublikanoaren inguruan gogoeta burutuz.