Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako finantza publikoak eta ekonomia Ituna 1929ko krisi ekonomikoaren garaian (1925-1936)

  1. Erkoreka, Mikel

Editorial: Servicio Editorial = Argitalpen Zerbitzua ; Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea

ISBN: 978-84-1319-255-0

Año de publicación: 2020

Tipo: Libro

Resumen

1929ko udazkenean Wall Street-en epizentroa izan zuen "crash" ekonomikoaren metxa ziztu bizian hedatu zen mundu mailako ekonomiara, kapitalismoaren historian aitzindaria izan zen depresio ekonomiko luze bezain latzari hasiera emanez. 2008ko krisi ekonomikoaren eskutik, 1929ko krisiaren gaineko interesa eta gaurkotasuna berpiztu egin da munduko hainbat herrialdetan. Liburu hau, 2008az geroztik garatzen ari den 1929ko krisiaren gaineko berrikusketa-prozesuaren barnean kokatzen da; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen kasua oholtzara ekarriz lehendabizikoz eta hura mundu-mailako mapa akademiko eta politikoan jarriz. Ekonomia Itunaren argitan, hiru herrialdeetako Aldundiek berezko politika publikoak aplikatu zituzten 1929ko krisi ekonomikoaren testuinguruan. Aurrekontu-analisian eta analisi fiskalean oinarrituz, liburuaren helburua, orduko hiru Aldundiek garaturiko jardunbide eta kudeaketa finantzarioa xehetasunez aztertzea da. Azterketa 1925ean abiatuko da, urte hartan negoziatu zen kupoaren berriztapenarekin, eta 1936ko uztailean amaitu, Gerra Zibilaren atarian. Kronologikoki denbora-tarte laburra bada ere, 1925 eta 1936 bitartekoa, aldaketa ekonomiko-fiskal eta politiko-instituzional handiko garaia izan zen euskal erakundeentzat. Hiru Aldundien politika eta finantza publikoak errotik baldintzatu zituzten hiru gertakari eman ziren: 1925eko kupo-berriztapena, 1929ko krisi ekonomikoa eta 1931ko II. Errepublikaren ezarpena. Errepublikaren garaian, gestore errepublikar eta sozialistak hiru Aldundien agintera heldu ziren aurrenekoz historian. Krisi eta aldaketa garaiak, Ekonomia Itunaren eta, oro har, gobernantza-sistemaren erresilientzia eta bideragarritasuna ebaluatzeko abagune aproposak dira. Ildo honetatik, liburuak, gaur eguneko irakurle bati aukera eskaintzen dio garaiko euskal autogobernu-sistemaren praxia eta mugak hurbiletik ulertzeko.