Basauriko euskararen azterketa linguistikoa

  1. Arretxe Pérez, Jon
Dirigida por:
  1. Juan Manuel Etxebarria Ayesta Director/a

Universidad de defensa: Universidad de Deusto

Año de defensa: 1994

Tipo: Tesis

Resumen

Nerbioi haraneko euskara, "Arrigorriagako aldakia¿, Bonaparteren hitzetan, Bizkaiko hizkeren arteko ezezagunena dela esan daiteke. Izan ere, gure eskualde honetan ez dugu eduki oraintsu arte ez euskal idazlerik ez euskarazko testu argitaraturik, ez bestelako testigantzarik. Arazo larriena , dena den, ez da hizkera honi buruzko ez-ezagupena, baizik eta bere gaur egungo egoera larria. Ekialdean Erronkariko euskara zena, Mendebaldean Nerbioi haraneko euskara da, nolabait. Izan ere, gure bailara honetatik Hegoaldera nahiz mendebaldera joz gero, erdara hutsa baino ez dugu aurkituko, eta geografia aldeko kokagune honek, ikerlan honen lehen kapituluan aipatzen diren beste fenomeno batzuekin batera, gure hizkera ia desagertzeraino bultzatu du. Nerbioi haraneko euskararen egoera, beraz, larria da orokorrean, baina badaude desberdintasun handi xamarrak bertako herrien artean. Alde batetik, Zollo edo Zaratamoko Elexalde egongo lirateke, nahiko euskaldun oraindik. Eta beste muturrean, euskararen azken hondarrak baino gordetzen ez dituzten herriak, atso eta agure batzuen testigantza baliosa baizik eskaini ezin dezaketenak, eta berauen artean, tesi honek aztergaitzat hartu duen herria, Basauri. Basauri, beraz, oraindik betiko euskararen eremuan kokatzen diren herrien arteko erdaldunetariko da, baina badauka bere hizkera berezia, nahiz eta askok galdutakotzat jo, eta lan honen helburu nagusia, hain zuzen ere, hizkera horren deskribapen ahalik eta osoena egitea izan da, beranduegi izan baino lehen, eta beranduegi laster izango da, nahitaez. Euskara biziaren ezaugarri asko eta galtzeko arriskutan dauden une honetan, premia historiko larria dago herri hizkerak batu eta aztertzeko. Bizkaia aldean lan ederrak egin dira aspaldi honetan, hala nola Juan Manuel Etxebarriaren Zeberioko hizkerari buruzko tesia edo Iñaki Gaminderen Urdulitz eta Gatikakoari buruzkoa. Aztergaitzat Basauriko euskara duen ikerlan hau bide berean koka liteke, eta beronen atzetik beste asko etortzea guztiz pozgarria izango litzateke denontzat. Azterketarako esparruak mugatu beharrean izan nahiz, amaierarik gabeko zereginetan ez murgiltzeko, eta gai batzuk sakonago jorratu dira besteak baino, halabeharrez. Ikerlan osoan erabilitako METODOLOGIA OROKORRAri dagokionez, zera esan behar da: Lehenengo eta behin, Basauri herriaren izaera eta egoera bereziak hartu behar dira kontutan. Herri honetan, erdalduna, euskaldunak baino askoz gehiago dira. Eta, era berean, inguruko herrietako euskaldunak, bertakoak baino ugariago dira. Bigarren puntu honek, bereziki, asko eragozten du lana, eta lekukoak aukeratzerakoan kontu handiz ibili beharra eragiten du. Basauriko kaleetan entzun daitekeen euskara, batua edota inguruko herrietako euskaldunek ekarritako da Arratia, Larrabetzu eta Zeberiokoena, gehienbat. Herriko jatorrizko hizkera, jadanik ez dago kalean. Beraz, etxeetan sartu behar bila. Askotan, etxeko sugetean ere ez dago, atso eta agure batzuen oroimenean bakarrik ezkutatzen da, eta hortik atera behar izan dut. Batzuetan ez da erraza izan, eta mesfidantza errezeloek eragotzi didate lana, baina gehien-gehienetan, jatortasun handiko harrerak izan ditut etxeetan. Lehen pausu garrantzitsua, azken erroldako datuez baliatuta, baldintza batzuk betetzen zituzten basauritarren zerrenda eskuratzeko izan zen: Basaurin jaiotakoak, 50 urtetik gorakoak, lehen hizkuntzatzat euskara zutenak eta euskara ondo mintzatzeko gai zirenak. Lortu nuen 245 izeneko zerrenda hartan izen batzuk soberan zeuden, eta beste batzuk faltan ere bai, baina abiapuntu moduan oso baliagarria izan zen. Nire gurasoen eta beste zenbait senideren laguntza estimagarriari esker, kontaktuak lortu nituen auzo guztietako lekukoren batekin eta grabazioak egiteari ekin nion. Hasierako grabazio guztiotan ez nuen galdekizun linguistikorik erabili. Besterik gabe, eguneroko elkarrizketa ahalik eta naturalena jasotzen saiatu nintzen. 40 lekuko baino gehiagorekin egon nintzen eta gero, zinta hauek banan-banan entzun eta aztertu ondoren, auzo bakoitzeko hiztun ereduak aukeratu nituen, faktore batzuk kontutan hartuta: zeintzuk ziren zaharrenak, kanpoko euskararen edo erdararen eragin txikiena zutenak, jatorri basauritarra nortzuk zeukaten, eta abar. Azkenean, Basaurik betetzen duen eremuko auzo askotako euskaldun bat edo bi aukeratu nituen, eta berauekin grabaketa gehiago egiteari ekin nion.