Teknologia kimikoa. Sistema kimikoen datuak eta konposatu kimikoen parametroak
Publisher: Servicio Editorial = Argitalpen Zerbitzua ; Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea
ISBN: 978-84-9082-697-3
Year of publication: 2017
Type: Book
Abstract
Teknologia kimikoaren alorrean (ingeniaritzako kimika-arloa) ezinbestekoa da bibliografian agertzen diren sistema kimikoen zenbait datu eta konposatu kimiko industrialen hainbat propietate erabiltzea. Lehenengo aipatutakoen artean oreka-konstanteak, erredukziozko potentzialak edo erreakzio kimikoen entalpia-aldaketak daude; konposatuen propietateen artean, berriz, lurrun-presioa, bero-ahalmena edo entropia absolutua aurki daitezke. Datu horiek oinarrizkoak dira ingeniaritza kimikoko kalkuluak gauzatu ahal izateko; hala nola, bero-trukatzaile batean trukatzen den bero kantitatea zenbatesteko, galbanizazio elektrolitiko batean ezarriko den metalaren kantitatea aurreikusteko edo erreaktore baten tenperatura zehazteko. Datu horiek guztiak, normalean, liburu espezializatuen «Taulak» esaten zaien eranskinetan agertzen dira. Hala ere, nahiz eta oinarrizkoak diren, zaila izaten da ingeniaritza kimikoko kalkulu jakin bat egiteko beharrezkoak diren datu guztiak liburu bakarrean aurkitzea, liburu bakoitza bere edukian jorratutako gaietan baino ez delako ardazten. Ohikoa da zientzia kimikoa lantzen duten liburu klasikoetan zientzia kimikoaren datuak agertzea, besteak beste, elementuen elektronegatibotasuna, formazio-entalpiak, hainbat azido eta base ahulen oreka-konstanteak, konposatu ezorganikoen disolbagarritasun-biderkadura edo erredukzio-potentzial estandarrak. Ingeniaritza edo teknologia kimikoko bibliografian, aldiz, oinarrizko kimikaren konstanteak eta parametroak alde batera utzi ohi dira. Mota horretako liburuetan, prozesu industrial kimikoen unitateak diseinatzeko erabilgarriak diren datuak biltzen dira, hala nola: hainbat konposaturen urtze-, sublimazio- eta lurruntze-bero sorrak, bero espezifikoak, Antoineren parametroak, etab. Hori dela eta, normalean ikasleei iturri desberdinetatik hartutako datuak ematen zaizkie eta batzuetan datu horiek erreferentzia desberdinekin kalkulatuta daude. Esate baterako, ohikoa da tenperaturaren menpekoak diren konposatuen propietateak, bero-ahalmena kasu, tenperatura diferenteetan aurkitzea iturriaren arabera. Beste batzuetan, propietate berbera unitate ezberdinetan agertzen da liburuaren arabera, askotan sistema internazionala ez den unitate-sistemaren batean (sistema anglo-saxoia oraindik ere oso hedatuta dago teknologia kimikoaren arloan). Horretaz aparte, esan gabe doa arlo honetan eskuragarri dauden datu eta propietate gehienak ingelesez (nagusiki) eta gaztelaniaz argitaratuta daudela. Ondorioz, eskuarki ikasleei emandako «taulak» euskara ez den beste hizkuntza batean agertu ohi dira. Erakutsitako arrazoi guztiak direla eta, egileek uste dute dokumentu honetan aurkezten den datubilduma oso erabilgarria izan daitekeela unibertsitatean teknologia kimikoko arloan ikasten eta lan egiten duten ikasle, irakasle eta ikertzaileentzat.