Lizardiren poetika pizkundearen ingurumariaren argitan

  1. Otaegi Imaz, Lourdes
Zuzendaria:
  1. Juan Mari Lekuona Zuzendaria

Defentsa unibertsitatea: Universidad de Deusto

Defentsa urtea: 1993

Mota: Tesia

Laburpena

Tesi honen xedea Lizardiren ideia poetikoak argitan ezartzea da lehenik eta behin, eta haiek 1926-1936ko Pizkunde mugimenduaren argitan interpretatzea eta bere obra literarioarekin harremanetan ezartzea. Horretarako, oinarritzat hartu dira, alde batetik, Lizardik bere artikuluetan zehar formulatu zituen abiapuntu teorikoak eta, bestetik, bere poesiaren azterketak iradokitzen duen poetika. Hartara, Serge Doubroskyk kritika literarioari ezarri zion helburuari heldu nahi zitzaion, hots, idazlanaren modulazioa edo taxua aurkitu ikuspuntu existentzial batean, antzeman zein den hura zeharkatzen duen bulko sortzailea eta zein puntutan elkartzen diren sortze ekintzan jokatu duten datu psikologikoak eta gizatiarrak, sozialak eta estetikoak. Lizardiren obran hautaturiko gaiek jatorri soziokultural indartsua dutela erakusten da tesian: Pizkunde mugimenduaren eredu eta gidari bilakatzeko helburua zuen Lizardiren poetikak nekez ematen du aukerarik eskola edo korronte teoriko jakin batekin lotzeko, izan ere bere helburu eta gustuaren araberako testu teoria moldatu baitzuen iturri klasiko eta neurri batean sinbolistak elkartuz, klakon pertsonal bat eraiki nahi izan zuen hala, baina era berean besteei eredutzat proposatu ere bai, bere iruzkin kritikoetan suma daitekeenez. Bestalde, testuaren maila sinbolikoan haren olerkiek funtsean egilearen psikismoa du jatorri eta hori argitzera bideraturiko ikerketa egin da maila biografikoan eskura dauden dokumentu eta informazioak baliatuz: gutunak, artikuluetako zehar aipamenak, arlo politikoan eta kulturalean izandako harremanak eta iharduerak¿. Obraren genesiaren informazio iturri horietara jotzen da ikerlan honetan, aintzat harturik halere horrek ez dezakeela egilearen obra osoki agertzeko xedea bete eta beharrezko dela, hein berean Lizardiren obran suma daitekeen tentsio estruktural benetan eragilea argitan ezartzea. Aurrekoengandik heldu zitzaion mintzaira literarioarekiko eta etorkizunerantz proiektatu nahi zuen estiloan mamitzen da tentsio hori, iraganeko estetika erromantiko edota herrikoiaren aldean, "olerkari¿ estilo berri baten iragarle eta gailur bilakatu baitzen gisa berean: bakantasun sortzailearen emaitza. Tesiaren egiturari dagokionez, lehenik, Lizardiren poetika ingurumari politiko eta sozio-kultural horretan egileak emaniko erantzun estetikoa den heinean aztertu da, eta ondoren, egilearen izate indibiduala, soziala eta poetikoa biltzen dituen sorkaria bera: haren poesia aztertu da metodologia estilistikoaz baliatuz eta teoriaren eta praxiaren arteko harremana aztertuz atalez atal. Horrenbestez, obraren sortze-baldintzak aztertzea da lehen zatiaren helburua, ondorengo biak aldiz, guda aurreko errepublika aroan eginiko literatur produkzioaren testuinguruan Lizardiren modernizazio entseguaren espezifitatea eta singulartasuna agerian jartzea, aldi berean bere formulazioaren xedeak eta sakoneko elkarguneak iradokitzen saiatuz.