Hizkuntza atlasgintzatik hiztegigintzaraEuskararen Herri Hizkeren Atlasaren eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arteko lotura-gakoak

  1. Jaureguizar, Amaia
Dirigida por:
  1. Jon Ortiz de Urbina Director/a
  2. Andoni Sagarna Izaguirre Director/a

Universidad de defensa: Universidad de Deusto

Fecha de defensa: 17 de diciembre de 2020

Tribunal:
  1. Iñaki Camino Lertxundi Presidente/a
  2. Elixabete Pérez Gaztelu Secretario/a
  3. Jean-Baptiste Coyos Vocal

Tipo: Tesis

Teseo: 660816 DIALNET

Resumen

Asko dira azken hamarkadetan hizkuntza-atlasgintzaren balioa aipatu duten ikerketa-lanak. Hainbat dira, era berean, hizkuntza-atlasgintzak beste hizkuntzalaritza-adarretan, bereziki hiztegigintzan, izan dezakeen baliagarritasuna azpimarratu dutenak. Hala ere, ez da gehiegi sakondu hizkuntza-atlasetan biltzen denak hiztegigintzan, are gutxiago hiztegigintza arauemailean, izan dezakeen tokia modu praktiko eta sistematikoan aztertzeko garatutakoak. Aitzitik, ezinbestekoa da azterketa-mota hau egitea, hizkuntza-atlasgintzatik heldutakoak hiztegigintzan izango lukeen tokian eta funtzioan sakontzeko. Ikerlan honen helburua Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arteko lotura aztertzea da, hain zuzen ere ikusteko lehenengoak nola eta zertan eragin diezaiokeen bigarrenari: eragina txikia ala handia den eta zer mailatan nabarmentzen den. Orain arte izandako hutsunea betetzeko, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren laurehun lexiko-kontzeptu hautatu dira ausaz, horien superlemak aztertu, lematizazio berri bat egin eta Euskaltzaindiaren Hiztegian tokirik ote duten ikusi ahal izateko. Emaitzek erakutsitakoaren arabera, bat-etortze handia dago bi hizkuntza-baliabideen artean. Beraz, hizkuntza-atlasa oso baliagarri gertatu da hiztegiaren edukia berresteko; ez, ordea, hiztegiari eduki berria eransteko. Horrek erakusten du ahozkoaren eta idatziaren, onomasiologikoaren eta semasiologikoaren, aldakortasunean oinarritzen denaren eta araugintzan funtsatzen denaren artean dagoen jauzia ez dela gaindiezina, bataren edukia bestean azal dadin. Orobat, hizkuntza-atlasetik hiztegira bideratzekoa izan daitekeen hitz-zerrenda erakusgarri bat proposatzea lortu da eta, jakinik hizkuntza-atlaseko erantzunez gaindiko informazioa ugaria izan daitekeela, eduki osoa kontuan hartuta corpus bat eratzea ezinbestekoa dela ondorioztatu da. Egiteko horri helduko balitzaio, hizkuntza-atlasaren erabateko ustiapena baliatuta, beste hizkuntza-baliabide batzuentzat erabilgarri izatera iritsiko litzateke.