Urumeako Zilegimendietako toponimia
- Zaldua Echave, Luis María
- Patxi Salaberri Zaratiegi Directeur/trice
Université de défendre: Universidad de Deusto
Fecha de defensa: 25 février 2011
- Iñaki Camino Lertxundi President
- Rosa Miren Pagola Petrirena Secrétaire
- Juan Manuel Etxebarria Ayesta Rapporteur
- Juan Karlos López-Mugartza Iriarte Rapporteur
- Juan José Zubiri Lujambio Rapporteur
Type: Thèses
Résumé
1. SARRERA Azken hiru hamarkadotan lan asko plazaratu dira toponimia arloan Euskal Herrian, alderik alde, bazterrik bazter, helburu, eremu, sakontasun eta argitaratze-modu ezberdinak dituztenak. Ikerketa toponimikoen ugaritzea eragin duten arrazoiak ere askotarikoak dira. Batetik, mendi-liburu eta mapen eskaria hazi egin da. Bestetik, udalerrietan toponimia bertako kultur ondarearen parte garrantzitsu dela konturatzen hasi dira. Horrez gainera, herri-administrazioetan abian jarritako euskararen normalizazio prozesua edota toponimiak hizkuntzalaritzatik at (historian adibidez) irabazitako entzutea aipa daitezke, besteak beste. Tamalez, gure kartografia izateko aukera dagoen honetan, Euskal Herrian, administrazio, elkarte edo norbanakoek egindako mapetan, oraindik ere, toponimia arautugabea irakurtzen da askotan. Testuinguru horretan, aurkezten dugun tesiak lau helburu nagusi ditu. Lehenbizikoa toponimia arloan lanean ari behar dutenei baliagarri gerta dakizkiekeen argibideak ematea da, onomastikari ekarpena egitea, alegia. Bigarren xedea Urumeako zilegimendietan izandako erabilpen, adiera eta bilakaera argituz, euskal toponimian kausitzen diren elementuen izaera finkatzen laguntzea da, bide batez, euskararen arlo fonikoa, morfologia edota lexikoa ikertzeko erabilgarriak izan litezkeen datuak plazaratuz. Hirugarrena Zilegimendietako hizkera itxuratzen duten ezaugarriak, edota haren bilakaera, toponimiaren bidez zenbateraino ezagut daitezkeen ikustea da. Laugarren eta azken jomuga Gipuzkoako toponimiaren arautze eta normalizazioan aurrera egitea da. Gipuzkoako alderdi guztiek ez dituzte toponimia alorreko ikerketak egiteko erraztasun berak ematen, ahozko bilketak burutu eta dokumentazio hustuketak egiteko aukerak nabarmen aldatzen baitira alderdi batetik bestera, biztanleria, hizkuntzaren egoera zein bertan gordetako artxiboen arabera. Hori horrela delarik, lanerako hautatu dugun barrutia Gipuzkoako ipar-sortaldean dago, Donostia, Hernani eta Urnietako zenbait aurkintzak osatzen dute eta 38 km2 ditu. Neurri handi batean euskaldun dirauen eremu horrek 12. mendetik honako idatzizko informazioa baliatzeko aukera ematen du, eta hori, Gipuzkoan bederen, ez da ohiko gauza. Esan beharrean gara, nolanahi ere, Urumeako zilegimendien mugaz haraindi, hau da, izenburuan jakitera ematen den esparruaz gainera, beste lurralde zabala ere kontuan hartu dugula lanerako (70 km2). Kanpo aldeko eremu horri buruzko datuak ere berariaz eta zehatz-mehatz bildu ditugu, Urumeako zilegimendiak inguratzen dituen inguru hurbilarekin halako informazio gerrikoa eratuz (ikus mapa), betiere tesiaren berezko esparrua den lurraldean dagoena hobeki ikertzeko asmoz. Inguramendu lurralde horrek kilometro batetik lau kilometro bitarteko hedadura du tokian-tokian Urumeako zilegimendietako mugatik abiatuz. 2. ITURRIAK ETA CORPUSA 2.1. Tesiaren iturri nagusiak ahozko bilketa eta dokumentazio historikoa dira, baina aitortu beharra da kartografia modernoaren ekarpena ere joria dela, zilegimendietako inguru hurbileko toponimoen aipamen kopuruaren aldetik batez ere. Xehetasunetan sartuz gero, derragun lehen toponimia-galdeketa 1989. urteko abuztuan hasi genuela; azkena, berriz, 1994ko urrian izan zen. 2.2. Dokumentazio historikoari dagokionez, esan dezagun hamahiru egoitza publiko eta partikularretan gordetako iturri inprimatugabe eta inprimatuak aztertu ditugula eta, aberatsenak ez ezik, lehorrenak eta nekagarrienak ere jorratzen saiatu garela. Dokumentazio historikoaren hustuketari esker corpuserako ia 11.000 mila aipamen lortu ditugu, maiz aski ahoz jasotako toponimoak arautzerakoan lagungarri izan direnak eta, menturaz, euskararen arlo fonikoa, morfologia edota lexikoa aztertu nahi duten beste ikertzaile batzuentzat aztergai nahiz errferentzia bihur daitezkeenak. 2.3. Idatzizko eta ahozko iturrietatik eskuraturiko toponimia arautu egin dugu. Izan ere, gauza jakina da toponimia corpusa osatu, egituratu eta erabilgarri bihurtzeko nahitaezkoa dela artxiboetatik eta berriemaileengandik lortutako informazioa izenburu bakarraren azpian gorde eta ematea. Izenburu hori irizpide batzuk aintzat hartuz erabakitzen da eta eginkizunari arautzea izena ematen zaio usuenik. Arautzea eta normalizatzea sinonimotzat hartu dira frankotan, nahiz eta beste arlo batzuetan egiten den bereizketa hemen ere egin daitekeen: arauak ematea (arautzea) / toponimoak gizartean egoki erabiltzea (normalizatzea). Azpiatal honekin amaitze aldera, diogun toponimia corpusean bildutako datuak antolatu eta aurkezteko erabili dugun txartel edo fitxak zortzi arlo dituela: izenburu nagusia, izenburuak, aipamen idatziak, ahozko aipamenak, toponimoa arautzeko erabili diren formak, izaera geografikoa, kokapena kartografian eta oharrak. 3. ZENBAIT ONDORIO 3.1.1. Urumeako zilegimendietako toponimia aberatsa da. Joritasun hori erliebea menditsua izatearekin eta antzinatik gizakia han egotearekin dago lotua. Adibidea jarriko dugu, diogunaren lekuko: Nafarroako mendialdean dagoen toponimo kopuru bertsua dago, hau da, kilometro koadroko hemezortzi toponimo oinarrizko edo izenburu nagusi daude, gutxienera jota, Urumeako zilegimendietan (bakoitzeko 8,7 aipamenekin). Are gehiago: izenburu nagusien eratorriak, forma berak elementu ezberdinak izendatzen dituen kasuak eta iharturik dauden izenak aintzat hartuz gero, orotara, berrogeita bederatzi toponimo aurkitu ditugu batez beste kilometro koadroko aztergai izan dugun lurraldean (bakoitzeko 3,8 lekukotasunekin). 3.1.2. Zilegimendiak, eta ondoko lurraldea oro har, asko aldatu dira aurreko bi gizaldietan, joan deneko bost hamarkadotan bereziki. Espero izatekoa zenez, alor gehienetan (biztanlerian, ekonomian, paisaian) larria izan den aldakuntzak eragin sakona izan du toponimian, izenen erabileran eta transmisioan batez ere. Izan ere, gauza ezaguna da toponimoek errealitate bati lotuta irauten dutela eta hura birmoldatzen edo desagertzen denean toki-izenak galdu edo ihartu egiten direla usuenik. Donostialdean oro har, eta Urumeako zilegimendietan bereziki, egondako mudantzen ondorioetako bat ahozko tradizioaren gainbehera izan da. Administrazio-izaera, biztanleria, ekonomia eta paisaia alorrean duela bi gizaldi hasitako aldaketa nabarmenki areagotzen joan da azken bost hamarkadotan. Egun Urumeako zilegimendietan ibiltzen direnek, oro har, ez dute hango toponimia ezagutzen, gailur eta jatetxe gutxi batzuen izenak izan ezik. Elkarrizketaturiko 73 berriemaileei, berriz, 3.000 aipamen baino gehiago jaso dizkiegu, hau da, bakoitzak, batez beste, 42 lekukotasun ekarri ditu. Gainera, 50 toponimo baino gehiago ahotan hartzen dituzten informatzaileak ez dira gutxi, eta badira 100 edo 200 ezagutzen dituzten lekukoak. Ahozko tradizioa etenda dago eta toponimia gero eta gutxiago baliatzen da. Berriemaileak ere pixkanaka-pixkanaka joan zaizkigu. Zorionez, laurogeiko hamarkadan bizirik zirauen ahozko toponimia gehiena bildua dago, eta mapetan egoki kokatua. Horrez gainera, toponimo asko liburu eta mapetan argitaratuta daude. Hori guztia horrela delarik, Urumeako zilegimendietako toponimiaren iraupena bermatuta dagoela esan daiteke. Besterik da etorkizunean egingo duen ibilbidea, hau da, ondarea berreskuratuko den ala ez, gizarteratuko den ala ez. 3.2.1. Idatzizko lekukotasunak daudenetik gaur arte toponimia aldatzen joan dela agerikoa da, eta, ondorioz, informaziorik ez dagoen urte ilunetan berrikuntza gutxiago egon zirela pentsatzeko arrazoirik ez dago, hau da, 12. gizalditik gaur arte gauzak aldatu badira, Inperioaren sasoitik, Oiasso-ren garaitik, 12. mendera arte bere horretan iraun zutela uste izateko argudiorik ez dugu aurkitzen. Alabaina, nabarmendu beharra dago, Erdi Aroko gizaldi ilunetan zehar pisuzko berrikuntzak egonagatik, euskara zaharraren fonetika arloko zenbait ezaugarrik Erdi Aro Berantiarraren hasmenta arte iraun zutela. 3.2.2. Tesiaren helburuen artean inguru bateko hizkeraren hedadura edota bilakaera toponimiaren bidez zenbateraino ezagut daitekeen ikustea aipatu dugu. Izan ere, Urumeako zilegimendien zati bat hizkeraren aldetik Gipuzkoan nortasun berezikotzat hartu izan den lurraldearen (Errenteria-Oiartzunen) ondoan dago, eta beste zati bat Nafarroarekiko mugan (Aranorekikoan). Hustu ditugun idatzizko iturrien ekarpena apala da hizkera-ezaugarrien arloan eta inon muga ezartzeko edo nonbaitetik ezabatzeko adina ez da. Zorionez, badaude adierazgarriak diren erreferentzia batzuk, bertako hizkera banatzen baino hura sakonago ezagutzen laguntzen dutenak. Guztiarekin, bi aldeak, Nafarroa eta Gipuzkoa, zilegimendiak eta Arano (Errenteriarekin), banatzen dituzten hizkera-ezaugarri gutxi aurkitu ditugu toponimia alorrean. Ez da harritzeko, aztertu dugun eremu osoan egun erdialdekoa deitzen den euskalkia erabiltzen delako, eta, gainera, Aranoko herritarrek eta gure esparruko biztanleek gero eta antz gehiago duen euskara hitz egiten dutelako. Hitz gutxitan, egun, Zilegimendien eta Aranoren artean, Gipuzkoa eta Nafarroa artean, ez dago mugarik toponimiaren arloan, eta behinola bazelako zantzurik ez dugu kausitu hustu ditugun iturrietan.